Svanerak, mingreliera, lazera eta georgierarekin batera, hizkuntza kartveliarren taldea osatzen du. Laurak erabiltzen dira Georgian (lazera Turkian ere bai, Georgiako mugaren ondoan), baina bertako hizkuntza ofizial bakarra georgiera da. Svaneraz Georgiako ipar-mendebaldean hitz egiten da, Abkhaziaren ekialdean eta Errusiar Federakundeko Karachay eta Kabardino-Balkaria errepubliken hegoan, Svantetia izeneko herrialdean (ikus 12. mapa). Guztira, 15.000 dira svantarrak (Grimes 2005). Svanera oso egoera larrian dago, hiltzeko zorian; besteak beste, Georgiako estatuaren jokabideagatik. Oso ume eta gazte gutxik dakite svaneraz, eta gurasoengandik seme-alabenganako transmisioa ia etenda dago gaur egun. Nazioartean hizkuntza hau izendatzeko erabiltzen diren izenak hauek dira: svan, lushnu eta svanuri. Hizkuntzaren autoglotonimoa –hizkuntza horretan bertan hizkuntza izendatzeko era– svanuri da. Svanera hizkuntza kartveilarra da. Hizkuntza kartveliarrak Georgian edo haren inguruan hitz egiten dira; guztira lau dira: georgiera, lazera, mingreliera eta svanera. |